Biografia

Lasai. Presarik gabe. Estutzen duen helmugarik gabe. Noizbait, abesti berri bat izango denaren hariari helduko dioten zihurtasunarekin.

Filosofia horri jarraituz sortu ditu Seiurte-k beren diskorik onenak. “Jauzia” (2006), “Lau” (2009), edo “Atlantida” (2012), guztiak, kritika espezializatuak urteko diskorik onenen artean izendatuak.

Beti Bilbo-tik baino London-etik gertuago, Seiurte-ren musikaren aberastasuna ezin da musikalki izen soil batekin sailkatu. Askoz gehiago da. 20 urteko ibilbidera gerturatzen, zuzenekoetan urte guzti hauetan ikasitakoa loratzen da, indarra, konfidantza, konplizitatea, egiten denarekiko maitasuna.

2002. urtean Gaztea Maketa Lehiaketa irabazteak entzulearekiko ateak ireki zizkien, aurretik maketak eta ilusioa, ilusio amaigabea.

Gaur egun jarraitzen duena.

Diskografia

Ezpalak

Ezpalak ( 2015 · Estoldetan )

Inoizko sonoritaterik trinkoenaz ageri zaigu Seiurte taldea Ezpalak izeneko disko berrian. Aurrepauso galanta.

Ezagun da, betidanik, Seiurteren ahalmen handia melodia distiratsuak hegan jartzeko, oinarrituta, beti ere, instrumental oparo eta sendoen gainean. Ezpalaken baina, taldeak lortu du baita haratago joatea ere, orain arte Seiurteri ezagutzen genizkion bertuteak, hala melodikoak nola erritmikoak, modu ezin bateratsuago batean ageri zaizkigulako disko berrian bilduta, taldeak inoiz erakutsi duen nortasun artistikorik sendoenaren aurrean gaudelarik.

Zortzi dira diskoko kantu-ezpalak, esan bezala, sonoritate-enbor trinko batetik sortuak. Seiurte bere onenean.

Fermín Etxegoien ( Kazetaria )